XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta pentsu dut, bere gaiaren argitzeko, gure adiskideak dei eginen diela, alde batetik bere haurtzaroan entzun prediku eta katiximetako oroitzapenei, eta bestetik GERO-ren 60 kapituluetan barna Axularrek hain nasaiki azaltzen dituen erakaspenei.

Gure errotor xahar gehienek bezala Sarako apezak erakusten baitzuen nola alferkeriak, kolerak, eta hararagikeriak mundu honetan berean kalte ikaragarriak egiten dizkiguten eta gero ondotik ifernuan gaztigu lazgarriak merezitzen.

Baina iduritzen zait bestalde laguntza handia emanen diotela ere Xan Irigaray-i, bere tesiaren bermatzeko, Jean Delumeau historialari zorrotzak egin ikerlanek eta idazkiek (ikus: Le Péché et la Peur: la Culpabilisation en Occident: XIII-XVIII síecles, J. Delumeau, 1984).

Bekatua eta Beldurra izan dira alabaina mendeetan barna Mendebalde osoan kezka eta arazo nagusiak. Ez du horretan Axularrek hobenik.

Guk, ordea, beste xederik dugu: Demagun gaur hemen gutartean dugula Axular bera, Sarako errotor zena, eta berekin ekarri digula beste mundutik behere honetan guk ezagutu dugun adiskide saldo bat.

Adiskideak beti hautatzen dira eta hautatuko ditut beraz Piarres Lafitte eta Pierre Narbaitz, ene bi irakasle ohiak, eta Etienne Sallaberry Soegilea.

Hemen ikusi nahi nituzke ere, Jean eta André Hiriart-Urruty anaia biak, haiekin baitut lagunarteko auzi bat aspaldion argitzen hasia eta behinere xuritu gabe utzia.

Nahi nituzke oraino gaur deitu Txomin Iturbe zena, igande arratsalde batez haren seme Iraultza bataiatu bainuen Baionako katedraleko gose-grebalarien kaperaren aurrez-aurre dagoen bataioharrian, Manex Erdozaintzi eta Klaudio Harluxet, aspaldiko adiskideak.

Uste dut gisa horretan ezohiko bidetik abia litekeela gure gogoeten itzulia: ezen oroitzen naiz, Klaudio Harluxeten gorputza pausatu dugularik Irisarriko elizaren itzalean, Emile Larre errotorak irakurri digula Klaudiok berak HERRIA astekarian aitzineko Pazkoetan izkiriatu artikuluaren pasarte bat, honelatsu zioena: